Claret Etxea - Dima

Plan estratÚgico Claret Etxea

Claret-Askartza ikastetxeak baserri bat du Dimako Artabe auzoan. Bertan, ikaslearen eskola-aroan zehar, hainbat jarduera programatu eta burutzen dira, hezkuntza-prozesuarekin lotura zuzena dutenak. Jarduera horien helburua ikasleak gure ingurune kultural, sozial eta erlijiozkoarekin lotzea da, halako gunetan antolatutako egonaldiek ahalbidetu ditzaketen alderdi ludikoei muzin egin gabe.

Baserritik hurbil eraikitako aterpetxeak jarduera ugari egiteko aukera ematen du (dinamika aktiboak, jolasak, jarduera akademikoak, bakarkako lana eta taldekakoa, kirol-jarduerak, etab.).

Baserrian garatzen den programa nagusietako bat Dimasteak izenekoa da. Programa horren helburua Claret-Askartza ikastetxearen heziketa-proiektua sendotu eta osatzea da, ikasleen prestakuntzarekin lotutako alderdi garrantzitsuetan.

Horrela labur daitezke baserriko egonaldien oinarrizko helburuak:

  • Balioak baitaratzea eta besteekiko bizikidetza ahalbidetzea: partekatzea, bestearengana moldatzea, elkartasuna, negoziatzea, partaidetza, justizia, errespetua edo adiskidetasuna egun horietan protagonismo handia hartzen duten hitzak dira.
  • Ekologiarekin sentsibilizatzea: naturaren bihotzean bizitzea, erreka eta mendiak ezagutzea, haien garrantziaz jabetzea, haiek sentitzea, bertako animaliak, zuhaitzak, landareak ezagutu eta zaintzea; finean, bizitzea ahalbidetzen digun eta, beste alde batetik, gure ardura behar duen ingurunearekiko harremana sentitzea zentzumen guztiak erne izanik.
  • Curriculum-programa aberastea: garatuko diren jarduerek, era berean, ikasleen "jakituria" areagotzea dakarte zeharka. Jarduera horiek ikasturtean zehar landu eta ikasten dituzten jarduerekin lotura zuzena izan dezaten eta elkarren osagarri izan daitezen ahalegindu gara: natura-zientzia, historia, plastika, etab.
  • Euskararen erabilera sustatzea: elkarbizitza euskaraz garatzea, ingurune euskaldun batean, lagungarri izango zaie egunerokotasunean ikasten dutena aplika dezaten.
  • Egunerokotasuna eta fedea uztartzea: otoitz eta ospakizun txikien bidez beren bizitza eta guretzat ezinbestekoak diren sinesmenak bateratzeko moduak barneratu ahal izango dituzte.

Programazio hori guztiori Claret-Askartza ikastetxeko Talde Pastoralak urtean zehar Claret Etxean garatzen dituen beste jarduera ugarirekin osatzen da. Ikasturtean zehar, asteburu askotan, fede-taldeekin egiten diren bizikidetza-jardunaldiak, Pazko eta Gabonetako topaketak, eta udalekuak.

Gazte nagusi askok, beren fedeaz, balioez eta bizi-estiloaz hitz egiten dutenean, garrantzia handia ematen diote Dimako topaketei. "Claret Etxea-Dimak" ikastetxeko gazteen prestakuntzan duen eragin positiboa balioetsi eta eskertu behar dugu.