Agenda 21

Agenda 21

Agenda 21 garapen iraunkorra xede duen ekintza plana da. Garapen iraunkortzat ulertzen da “egungo beharrizanak asetzen dituen garapena, etorkizuneko belaunaldiek beren beharrizanak asetzeko gaitasuna eragotzi gabe garatzen dena” (Brundtland txostena). Esaera indiar baten arabera, Lurra gure seme-alaben mailegua da, ikusiko dugu nola itzultzen diegun”. Modu horretan, herritar kritiko eta arduratsuak prestatu nahi ditugu, biharko egunez ere Lurra bizigarri izan dadin, gure arbasoek guri utzi diguten moduan.

Hauek dira eskolako Agenda 21 horretako ardatz nagusiak:

  • Eskola-ingurunearen kudeaketa iraunkorra (baliabideen eta hondakinen kudeaketa iraunkorra, biodibertsitatearen mantenua, etab.)
  • Curriculumaren berrikuntza (ingurumen-heziketa, metodo parte-hartzaileak, diziplina arteko ingurumen-gaiak, etab.)
  • Partaidetza komunitarioa (Tokiko Agenda 21, ikasle-familia harremana, irakasleak ez diren langileak, ingurunea, etab.)

Familiek ere Eskolako Agenda 21ean parte hartu beharko dute, familia baita lehen heziketa-esparrua. Familia erabakigarria da seme-alaben bizitzako lehen urteetan, izan ere, imitazioaren bidez eta etxeko jardueretan parte hartuz jokamolde jakin batzuk baitaratzen dituzte. Izaera osatzen hasten da esparru horretan, lehen gaitasunak garatzen dira eta lehen interesak sustatu. “Hitzak ñimiñoak dira; adibideak erraldoiak” (Suitzako esaera).

Ikastetxean 2006-07 ikasturtean hasi ginen eskolako Agenda 21 ezartzen. Ordutik esparru askotan burutu dugu gure lana:

  • Hondakinen gaikako bilketa,
  • 3 gakoak: Murriztu, Berrerabili, Birziklatu
  • Klima-aldaketa eta Energia
  • Zuhaitzak landatzea (Zuhaitz astea)
  • Ingurunea ezagutu eta zaintzeko jarduera eta txangoak (Azterkosta, Ibaialde, Pagoeta, Basondo, Madariaga Dorretxea, Arekestamendi, uraren museoa, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenak, Itsasminez eta Errekamari, etab.)
  • Klima-aldaketa
  • Ingurumenaren aldeko konpromisoa
  • Biodibertsitatea
  • Konpostajea
  • Eskola-diagnosia
  • Uraren kontsumoa
  • Txoko berdea
  • Txorientzako habiak eta ganbelak
  • Energia berriztagarriak
  • Energia-aurrezpena
  • Mugikortasun iraunkorra
  • Aztarna ekologikoa
  • ...

Gauza asko egin dira, baina oraindik asko dago egiteko. Aurrera egiten jarraituko dugu, urratsez urrats! Ama Lurrak behar gaitu, gaur eta beti. Haren deia entzuteko prest egongo al gara?